Komunikazioa > Prentsa-oharrak
Prentsa - Oharrak
asteartea, 13 martxoak 2018
  • EGABren ustez bidezkoa da “EAEren eremuan pertsona adinduentzako egoitza zentroei buruzko dekretu proiektua” izapidetzea, nahiz eta honakoa ohartarazi: “arautegiaren aldaketak dakarren kostuen estimazio ekonomikoa ez dagoenez, Batzorde honek irizpenak egiteko duen funtzioa ahultzen duela”.
  • EGABk gogorarazitakoaren arabera, laguntza ereduaren aukerak zeregin berezi bakoitzera bideratu behar den baliabideen mota eta kopurua zehazten du, baina irizpenaren proiektuan “osasun arreta eta laguntza psikosozialari dagokionez, definiziorik eza oso larria da”.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen iritziz, bidezkoa da “EAEren eremuan pertsona adinduentzako egoitza zentroei buruzko dekretu proiektua” izapidetzea, kontsulta organo honek egin dituen gogoetekin. Ildo horri eutsiz, arreta berezia jarriko zaio “arautegiaren aldaketak dakarren kostuen estimazio ekonomikoa ez izateari”. EGABren esanetan, “aipatu gabeziak Batzordearen irizpen funtzioa ahultzen du”. Proiektua Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketarako Sailak bidali du.

Dekretuaren xedea Euskadin kokatuak dauden pertsona adinduentzako egoitza zentroak arautzea da, kalitatezko egoitzen arreta zerbitzuak bermatzeko. Aurrekoaren harira, EGAB laguntza ereduan araudia aldatzearekin ados ageri da, batetik, gerontologia arretan egungo joerekin bat datozen prestazioak ziurtatzeko eta, bestetik, erregimen arautzaile berarekin baldintza materialak, funtzionalak eta langileei buruzkoak homogeneizatzeko. Azken xedea kalitate maila bera bermatzea da.

Eragin ekonomikorik eza

Bere irizpenean, EGABk gogorarazitakoaren arabera, xedapen orokorrak egiteko prozedurari buruzko legeak kontsultatzen zaigun arauak txosten ekonomikoa izatea eskatzen du. Horretan partikular, administrazio eta, oro har, ekonomiarako kostua ebaluatuko da. Kasu honetan dekretu berriaren eragin ekonomikoaren balioztapenik ez dago eta “kostu horiek zenbatzen ez direnez (ezta estimatu ere), txosten ekonomikoa egitearen legezko eskakizuna betetzea arriskuan jartzen du, ezin baitateke helburua betetzat jo”.

Eragin ekonomikoa prebenitzearen beharrari buruzko hausnarketa honetan, halaber, administrazioak sortzean eta, ondoren, kudeatzean egoitza plaza bakoitzaren kostu-hazkuntzaren inguruko azterlan xehea egin dezan iradoki du Batzordeak, proposatutako aldaketen egiazko irismena ezagutzeko, “are gehiago, egoitza plaza gehienak administrazioak berak finantzatzen dituela kontuan hartuta”.

Laguntza ereduaren definiziorik eza

Laguntza eredua hautatzea Batzordearen iritziz “funtsezkoa” da, eskaini nahi den zerbitzu mota definitzen baitu: bai gutxieneko arretarako gune soziosanitarioa, bai pertsona erabiltzaileen bizi kalitatea eta autonomia hobetzea helburu duen zerbitzua. EGABren esanetan, laguntza ereduaren “aukerak zeregin berezi bakoitzera bideratu behar den baliabideen mota eta kopurua zehazten du”, baina aztertuko proiektuan “osasun arreta eta laguntza psikosozialari dagokionez, definiziorik eza oso larria da”. Ildo horri jarraiki, adibidez, osasuna kontrolatzea ez dago dekretuaren helburuen artean “zaintzei eta kaltea saihesteari egindako aipamenetik urrunago”. Dena den, kostuak estimatzean bereziki kontuan hartu eta balioztatu beharko litzateke, irizpenak azaldutakoaren arabera. Horrekin batera, arreta psikosoziala ereduaren definiziorik ezaren beste adibide bat da. Hala, eske horietarako langileen hornidura baliteke nahikoa ez izatea, aldaezina mantentzeaz gain, “arreta psikosozialaren beharrak 0 mailako pertsonarentzat eta 3 maila duenarentzat nahiz beren familientzat berdinak izango balira bezala”.