Komunikazioa > Prentsa-oharrak
Prentsa - Oharrak
astelehena, 30 ekainak 2025

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak (EGAB) positibotzat jo du bereziki kaltebera den kolektibo baten (genero-indarkeriaren biktimak diren emakumeak eta haien kargura dauden senitartekoak) baldintzak hobetu nahi dituen ekimena.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak honako honi buruzko txostena egin du: “Genero-indarkeriaren biktimak diren emakumeei laguntza ekonomikoa emateko eta ordaintzeko prozedura ezartzen duen Dekretu Proiektua, abenduaren 28ko  1/2004 Lege Organikoaren 27. artikuluan aurreikusia, Genero Indarkeriaren kontrako Babes Integraleko Neurriei buruzkoan”; txostena Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak helarazi du. Aztertu ondoren, Batzordeak zenbait gogoeta planteatu ditu, Dekretu-proiektua izapidetzean kontuan hartzeko.

Arau honen xedea da genero-indarkeriaren biktimak diren emakumeei zuzendutako laguntza ekonomikoen prozedura arautzea, 1/2004 Lege Organikoaren 27. artikuluan aurreikusia eta  1452/2005 Errege Dekretuak garatua. Dekretu honen bitartez, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak 2014ko urriaren 29an emandako Agindua ordezkatuko da, onartu zenetik gertatutako lege-aldaketa ugarietara egokituta.

Laguntza hau genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat da; hau da, EAEn bizi eta baliabide ekonomiko nahikorik ez dutenentzat eta enplegua lortzeko zailtasun bereziak dituztenentzat, haien eskubide ekonomikoak bermatzeko eta gizarteratzen laguntzeko helburuarekin. Laguntzaren helburu nagusia da diru-sarrerarik ez izatearen egoera hori aldi baterako arintzea, biktimek baliabide ekonomikoak izan ditzaten erasotzailearengandik independizatu eta egoera pertsonala egonkortu ahal izateko. Gainera, laguntza ekonomikoa biktimaren familia-erantzukizunen arabera modulatuko da.

EGABek positibotzat jotzen du ekimen honen helburua; izan ere, bereziki kaltebera den kolektibo baten baldintzak hobetu nahi ditu, hots, genero-indarkeriaren biktima diren emakume eta haien kargura dauden senitartekoena. Talde horrek zailtasunak izaten ditu enplegua eskuratuz  gizarteratzea lortzeko, adina, prestakuntzarik eza eta beste egoera pertsonak batzuk direla-eta. Beraz, beharrezkoa eta baliagarria da egoera hori arindu ahal izateko laguntza ematea.

Hala ere, Batzordeak zenbait gogoeta sartu ditu aztertutako testua hobetzeko proposamen gisa, uste baitu laguntzak eskuratzeko eskatutako baldintzak hobetzeko tartea baduela legegileak. Zehazki, hiru baldintza berrikusi daitezke genero-indarkeriaren biktima izanda,  laguntza horiek eskura ditzaketen emakumeen kopurua handitzeko.

Lehen baldintza da eskatzaileek EAEn erroldatuta egon behar dutela eskaera egiten den egunean, eta sei hilabeteko antzinatasuna izan behar dutela. Hori oztopo handia izan daiteke, kalteberatasun bereziko egoeran dauden emakumeak, kasu askotan, irregulartasun administratiboko baldintzetan egon daitezkeelako, errentamendu formaleko kontraturik gabe edo bizitegi-testuinguru prekarioetan, eta horrek erroldatzea zailtzen du, benetan lurraldean bizi arren. Gainera, beste autonomia-erkidego batzuetan, ez da gutxieneko errolda-denbora eskatzen, baizik eta bizilekua bakarrik antzeko laguntzak eskuratzeko. Modu horretan, Batzordeak proposatzen du emakumeei erroldatua egotea soilik eskatzea eta eskaera-egunean bizilekua EAEko udalerriren batean izatea, baina gutxieneko antzinatasunik eskatu gabe. Bestalde, Batzordeak uste du emakume biktimek osasun-sisteman erregistroa egiaztatzea, osasun-txartel indibidualaren (OTI) bidez, egoitza egiaztatzeko modu alternatibo bat izan daitekeela, administrazio-egoera irregularrean aurkituz gero.

EGABen ustez, aldatu beharreko bigarren baldintza honako hau zehazten duena da: laguntzak eskuratzeko, eskatzaileek ez dutela izan behar lanbide arteko gutxieneko soldataren %75 gainditzen duen errentarik, aparteko bi pagen zati proportzionala kenduta. Batzordearen iritziz, muga horrek %100ekoa izan beharko luke, LGStik beherako edozein zenbatekok eskatzaileak prekaritate- eta pobrezia-egoeran egotea ekarriko bailuke.

Horrez gain, erasotzailearekin bizikidetzarik edo bikote-harremanik ez izatea eskatzen da, baina jakin badakigu genero-indarkeriatik eratorritako hainbat gorabehera medio, biktimek harremana hausteko duten gaitasuna zailtzen dela. Ildo horretan, gomendagarria litzateke baldintza hori egiaztatzeko modua berrikustea, laguntzen funtsezko helburua ez eragoztearren; hau da, emakumeen autonomia ekonomikoa eta segurtasuna bermatzea.

(4/25 Irizpena)