Komunikazioa > Prentsa-oharrak
Prentsa - Oharrak
osteguna, 11 irailak 2025

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak EAEko Memoria Sozioekonomikoa egiten du urtero, eta, bertan, lurraldeko egoera sozioekonomikoari buruz sindikatuek, enpresa-elkarteek eta gizarte zibileko beste erakunde batzuek partekatzen duten ikuspegia biltzen du.

Bilbo, 2025eko irailak 10. Irailaren 10ean egin da “Euskal EGABen 2024ko Memoria Sozioekonomikoa” udako ikastaroa Donostiako Miramar Jauregian. Javier Muñecas Herrerasek, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeko (EGAB) lehendakariak zuzendu du topaketa, eta, bertan, “EAEko 2024ko Memoria Sozioekonomikoa” ezagutzera eman da.

EGABek urtero egiten du dokumentu hau, eta, bertan, Euskadiko egoera sozioekonomikoari buruzko ikuspegia azaltzen dute sindikatuek, enpresa-elkarteek eta gizarte zibileko beste erakunde batzuek. Ikastaro honen bidez, Memoria Sozioekonomikoa eta, oro har, Euskadiko EGABen lana zabaldu nahi dira, organo aholku-emailea gizartearekin elkartzeko guneak zabaltzearren.

Ikastaroari hasiera emateko, irekiera instituzionala egin dute CES/EGABeko presidentea den Javier Muñecasek; Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburua den Negera Melgosak; eta Eusko Legebiltzarreko lehendakaria den Bakartxo Tejeriak.

Ondoren, Jon Barrutia Guenagak, UPV-EHUko katedradunak eta Euskal EGABeko Memoria Sozioekonomikoaren Batzordeko presidenteak, dokumentua aurkeztu du, eta, jarraian, Memoria Sozioekonomikoan lantzen diren gaiei buruzko mahai-inguru bat egin da, Joseba Madariagak, Deustuko Unibertsitateko EE eta Enpresa Zientzien Fakultateko Finantza eta Ekonomia Saileko katedradunak, moderatuta. Bertan, honako hauek hartu dute parte:  Arantxa Elizondo, Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia Politikoko irakaslea; Arantza Ugidos, Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko irakaslea; eta Marisa Arriola, BIC Gipuzkoako zuzendari kudeatzailea.

Azkenik, Orkestrako (Lehiakortasunerako Euskal Institutua) zuzendari nagusia eta Deusto Business School-eko irakaslea den James Wilsonek hitzaldi magistral bat eskeini du testuinguru global aldakorraren aurrean Euskadik duen lehiakortasunari eta ongizateari buruz.

EAEko 2024ko Memoria Sozioekonomikoa

Euskadiko EGABek urtero egiten du Euskadiko Memoria Sozioekonomikoa, eta, bertan, adierazle sozial eta ekonomiko nagusiak errepasatzen dira. Kontsulta-organoa sindikatuek, enpresa-elkarteek eta gizarte zibileko beste erakunde batzuek osatzen dutenez, Euskadiko errealitate sozioekonomikoari buruz ematen duten ikuspegiak herritarrei eta, oro har, gizartearen interesei eta kezkei lotutako pertzepzioa islatzen du.

Memorian, EGABek Euskadiko erronka sozioekonomikoak ez ezik, lurraldearen egoera sozioekonomikoari buruz egindako azterketaren gogoetak eta gomendioak ere azaltzen ditu.

Ondorio nagusien artean, EGAB kezkatuta agertzen da inflazioarekin, oinarrizko produktuen prezioa igotzen jarraitzea eragiten baitu. Hala ere, nazioarteko tentsio geopolitikoak eta muga-zergen polemikak ikusita, 2024an agregatu ekonomiko handiek urte arteko aldakuntza-tasa positiboak eman dituzte Euskadin, BPGd %2,2 hazita. Datu horiek izan arren, ordea, EAEko jarduera ekonomikoaren hazkundea moteldu egin da.

Nabarmendu beharreko beste alderdi bat egoera demografikoa da, jaiotza-tasa baxua baita eta biztanleria pixkanaka zahartzen ari baita. Ildo horretan, kontsulta-organoaren ustez, beharrezkoa da Erronka Demografikorako 2030 Euskal Estrategiaren aplikazioa bizkortzea, osasun-arretaren egitura optimizatzeaz gain, batez beste adina gero eta handiagoa duen biztanleriari erantzuna emateko.

Halaber, osasunaren aldetik, azpimarratzekoa da buru-nahasteen eta portaera-nahasteen prebalentzia, psikoaktiboen kontsumo-tasak, autolesioenak eta suizidioen tasak igotzen ari direla ikusita. Bereziki gazteen artean kezkagarria den egoera hori arintzeko, premiazkoa da osasunaren eta prebentzioaren arloan neurri espezifikoak hartzea.

Enpleguaren eta lan-harremanen bilakaera positiboa izan da, enplegua gutxi hazi eta langabezia 2023an baino txikiagoa izan bada ere. Gainera, lanpostuen sorrera Zerbitzuen sektorean oinarritu da batez ere; Industria, aldiz, bigarren mailan geratu da, eta horri heldu beharko litzaioke. Era berean, trantsizio ekologiko-energetikoaren hedapena dela-eta, beharrezkoa da zenbait sektoretako lanpostuen galera gutxitzeko prestakuntza- eta birkualifikazio-planak garatzea. Gainera, hedapen horrek aukera ematen du energia berriztagarrian, etxebizitzen birgaitze energetikoan, mugikortasun iraunkorrean edo hondakinen kudeaketan enplegua sortzeko aukera aprobetxatzeko. Modu berean, enplegu-politika aktiboek zailtasun handienak dituzten kolektiboak gizarteratzen nahiz genero-arrakala murrizten ahalegindu behar dute. Gainera, 2024an laneko ezbeharren inguruan erregistratutako datuen arabera, premiazkoa da arriskuen prebentzioa indartzea.

Etxebizitza eskuratzeak egiturazko erronka izaten jarraitzen du, nahiz eta 2024an jarduera suspertu egin den, eraikuntzan nahiz salerosketan tasa positiboak izanik. Esan behar da prezioek gora egiten jarraitzen dutela eta alokairuko etxebizitzen eskaintza ez dela nahikoa; beraz, Euskal EGABek Euskadiko Etxebizitzaren aldeko Itun Soziala eta Euskadiko Hirigintza eta Etxebizitza Foroa bezalako ekimenak baloratu ditu, etxebizitza-politikak doitzeko lankidetza publiko-pribatu baliagarria susta baitezakete. Era berean, “eremu tentsionatuen” figura prezioen desorekak zuzentzeko tresna gisa sartzea oso eraginkorra izan daiteke.

Euskadik ETE berritzaileen ehunekoa handitu beharko luke, berrikuntzarako jardueretan inbertsioak handitzearekin batera, berrikuntzak enpleguan eta salmentetan duen eragin ekonomikoa Europako batez bestekoa baino txikiagoa baita. Gainera, Adimen Artifizialaren inpaktuak arreta eta inbertsioak eskatzen ditu, lehiakortasuna hobetzeko eta Euskadik dituen erronka digitalei, ingurumenekoei eta sozialei erantzuteko ezinbesteko tresna izan baitaiteke.

Horrez gain, Euskadiko babes sozialak estaldurei (DSBE) eutsi die edo handitu ditu 2024an, baina organo aholku-emailearen ustez, beharrezkoa da zaintzarekin lotutako lanen aitorpen soziala eta ekonomikoa handitzea, familietan nahiz lan profesionalizatuetan. Bestalde, kezkagarria da pentsioen saldo defizitarioa, biztanleriaren zahartze progresiboak eraginda.