Batzordeak egoki gisa baloratu du tramitazioa, aldatzeko egindako gogoetekin.
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak Ongizatea, Gazteria eta Erronka Demografikoa Sailak egindako “Nazioarteko Adopziorako Batzorde Teknikoa eta nazioarteko adopziorako bitartekaritza-erakundeen akreditazioari eta funtzionamenduari buruzko dekretu-proiektua” izenekoari buruzko txostena egin du. Bere erantzunean, Batzordeak egoki gisa hartzen jotzen du izapidetzea, hura aldatzeko egindako gogoetekin.
Arauaren xedea nazioarteko adopziorako egiaztatutako bitartekaritza-erakundeen egiaztapen-betekizunak, funtzionamendu-araubidea eta administrazio-kontroleko prozedurak ezartzea da, baldin eta erakunde horiek egoitza EAEn badute eta beste herrialde batzuetatik datozen adingabeen adopzio-prozesuetan bitartekaritza-funtzioak betetzen badituzte. Era berean, Nazioarteko Adopziorako Batzorde Teknikoaren osaera, betebeharrak eta funtzionamendu-araubidea garatzen dira.
Batzordeak positibotzat jotzen du ekimena, indarrean dagoen araudia eguneratzeko eta estatuko araudi berrira eta umeen babes integraleko printzipioetara egokitzeko aurrerapausoa baita. Hala ere, nazioarteko adopzioak garrantzi sozial, juridiko eta gizatiar berezia duenez, Euskadiko EGABek beharrezkotzat jotzen du gardentasunarekin, kontrol publikoarekin, parte-hartze sozialarekin eta adingabeen eta familia adoptatzaileen akonpainamendu espezializatuarekin erlazionatutako zenbait alderdi indartzea.
Besteak beste, Euskadiko EGABek funtsezkotzat jotzen du familiak prestatzea bazterketa-prozesuak saihesteko bai eta adoptatutako adingabeek arraza-diskriminazioa, identitate-gatazkak eta kultura-erreferenteak galtzea jasan ez dezaten. Hori dela eta, kulturartekotasunean, etnia- eta arraza-nortasunean, arrazakeriaren prebentzioan eta jatorrizko kultura-loturei eustean oinarritutako aldez aurreko prestakuntza proposatzen da.
Horrez gain, Batzordeak Eusko Jaurlaritzaren kontrol-, ikuskapen- eta jarraipen-sistema indartzea planteatzen du espedienteen izapidetzeari dagokionez, kalitate-adierazleak, izapidetzeko batez besteko denborak eta ikuskapen-jarduketen emaitzak barne.
Nazioarteko Adopziorako Batzorde-Teknikoari dagokionez, EGABk familia adoptatzaileen elkarteetako ordezkariak, umeen babesean espezializatutako gizarte-erakundeak, nazioarteko adopzioan adituak diren pertsonak eta umeen traumetan eta kultur aniztasunean espezializatutako profesionalak sartzea proposatu du, hitzarekin baina botorik gabe.
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari buruz
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea Eusko Jaurlaritzaren eta Eusko Legebiltzarraren erakunde aholku-emailea da, Euskal Autonomia Erkidegoko politika ekonomiko eta sozialean interes ekonomikoek eta sozialek duten parte-hartzea eraginkorra izan dadin. Bere izaeraren arabera, eginkizun hauek dagozkio, besteak beste: Eusko Jaurlaritzaren ekonomia- eta gizarte-politikaren arloko arau-proiektuei eta plan orokorrei buruzko nahitaezko txostenak prestatzea, eta Eusko Jaurlaritzari gai horri buruzko proposamenak egitea.
(4/26 Irizpena)