EGABen iritziz, turistifikazioaren fenomenoak biztanleei eragiten dieten inpaktu negatibo sozialak, ingurumenekoak eta ekonomikoak murriztuko dituen turismo-eredu jasangarria lehenetsi behar da
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak, 2025eko abenduaren 22an egindako azkenengo osoko bilkuran, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren eta enplegatze-agentzien arteko akordio irekiak arautzen dituen Dekretu Proiektuari eta Euskadiko Turismo Mahaiaren funtzionamendu- eta antolaketa-araubideari buruzko Dekretu Proiektuari buruzko bi irizpen onartu zituen.
Lehenik eta behin, EGABek “Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren eta enplegatze-agentzien arteko akordio irekiak arautzen duen dekretu-proiektuari” buruzko txosten bat egin du. Horren helburua Lanbideren eta enplegatze-agentzien artean egin beharreko akordio irekien araubide juridikoa arautzea da, EAEn bitartekotza- eta enplegatze-zerbitzua emateko lankidetza antolatzeko. Bere erantzunean, Batzordeak egokitzat jotzen du arauaren izapidetzea, baita lortu nahi duen xedea ere, hau da, lan-merkatua dinamizatzea, enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden pertsonen lanerako aukerak zabalduz.
Ildo horretan, EGABek gogoeta orokorrak egiten ditu dekretuak gardentasun-, ebaluazio- eta kontrol-mekanismoak gara ditzan, Lanbide lankidetzaren emaitzak ebaluatzeko gai izan dadin bermatzeko, kalitatea eta etengabeko hobekuntza lortzeko xedez. Gainera, Batzordeak uste du komenigarria litzatekeela deklarazio hau indartzea: akordio irekiak ez dira kontratuak, tresnak eta lankidetza baizik.
Berariazko kontsiderazioen barruan, Batzordeak uste du saihestu egin beharko litzatekeela kreditua agortzeagatik baliozko jarduketak ordaindu gabe geratzea, eta, kreditua era automatikoan zabaltzeaz gain berme-klausula bat jaso beharko litzatekeela. EGABek dekretua berrikustea ere garrantzitsutzat jotzen du, lehentasunezko arretako kolektiboei ematen zaien arreta indartzeko.
Euskadiko Turismo Mahaia
Urteko azken txostenean, EGABek Turismo Mahaiaren osaera, antolaketa eta funtzionamendua arautzeko asmoa duen “Euskadiko Turismo Mahaiaren funtzionamendu eta antolaketa-araubidearen dekretu-proiektuari” buruzko irizpena eman du. EGABek egokitzat jo du izapidetzea, eta ontzat jo du arau-ekimena. Hala ere, Batzordearen iritziz, dokumentua nahasia da zenbait alderditan, eta zuzendu beharreko akatsak eta hobetu daitezkeen gabeziak ditu.
Ildo horretan, EGABek uste du testuak turistifikazioaren ondorio negatiboak murriztuko dituen turismo jasangarri eredua aipatu beharko lukeela. Horrez gain, EGABen iritziz, proiektu eta plan turistikoez gain, gizartean, ingurumenean eta ekonomian izan ditzaketen inpaktu negatiboak baloratu behar dira, saihestu ahal izateko. Era berean, Batzordeak uste du enpleguaren datuak behar bezala banakatuta hartu beharko liratekeela kontuan.
Turismo Mahaiaren osaerari dagokionez, Batzordeak uste du eragile sozial, sindikal eta enpresarial guztiak barne hartu beharko lituzkeela, eta parekotasun terminoetan egin beharko litzatekeela, hori baita Turismo Legearen literaltasunak eta espirituak agintzen dutena. Gainera, eta Mahaiaren osaera gorabehera, komenigarritzat jotzen da Mahaiko kideek adituak zein banaka edo modu antolatuan turismoaren ondorio positiboak ez ezik ondorio negatiboak ere (sozialak, ingurumenekoak edo ekonomikoak) aztertzeko eta ikusarazteko mobilizatzen diren pertsonak gonbidatzeko aukera ezartzea.
16/25 Irizpena, Bitartekaritza- eta enplegatze-zerbitzua emateko LANBIDE-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren eta enplegatze-agentzien arteko akordio irekiak arautzen duen dekretu-proiektuari buruzkoa
17/25 Irizpena, Euskadiko Turismo Mahaiaren funtzionamendu eta antolaketa-araubidearen dekretu-proiektuari buruzkoa